Teo Uriarte zortzi urte zituela Euskadira etorri zen familiarekin, aitak, bizkaitarra zenak, Gasteizen lana aurkitu baitzuen. Hamaika urte ondoren, 1964an, Teo Uriarte ETAn sartu zen. 1969an Teo Uriarte atxilotu zuten, eta Burgos Prozesuan auzipetutako 16etako bat izan zen. Uriarte espetxe batetik bestera ibili zen Mario Onaindiarekin batera, 1977ko amnistia iritsi arte. Biek ETA politiko-militarra desegitea sustatu zuten, eta Euskadiko Ezkerra (EE) alderdi politikoko fundatzaileetako bi izan ziren. Indarkeriaren mundutik aldendu zenez eta, ondoren, mundu horri aurre egin zionez, mehatxu terroristaren pean bizi izan da, eta eskoltaren bidez babestu behar izan du bere burua.

DATU PERTSONALAK:

Izena: Eduardo 'Teo' Uriarte Romero

Adina: 66 urte (1945)

Lanbidea / Kargua: Komunikazio Zientzietan Doktorea, Erretiratua. / Eusko Legebiltzarreko diputatu izan da bitan Euskadiko Ezkerra alderdiagatik (EE), baita Bilboko Udaleko PSEko zinegotzi ere.

Egoera familiarra: Bananduta. Bi alaba.

Jaioterria: Sevillan (Andaluzia) jaio zen, 1953an Euskadira iritsi zen.

TALDEA: Politikariak.

GERTAERAK

- Teo Uriarte Sevillan jaio zen, baina zortzi urte zituela Euskadira etorri zen familiarekin, aitak, bizkaitarra zenak, Gasteizen lana aurkitu baitzuen.  Hamaika urte ondoren, 1964an, Teo Uriarte ETAn sartu zen.
- 1969an Teo Uriarte atxilotu zuten, eta Burgos Prozesuan auzipetutako 16etako bat izan zen.  Epaiketa handi hartan, sei prozesaturi heriotza-zigorra ezarri zien Erregimenak; Teo Uriarte haietako bat izan zen.  Kondena gogorrena izan zuen:  2 heriotza-zigor eta 60 urteko espetxeratzea.
- Erregimen frankistaren gaineko nazioarteko presioari esker, ministroek erabaki zuten heriotza-zigorren ordez kondena txikiagoa ezartzea, alegia, biziarteko kartzela-zigorra.  Hortaz, Teo Uriarte espetxe batetik bestera ibili zen Mario Onaindiarekin batera, 1977ko amnistia iritsi arte. Biek ETA politiko-militarra desegitea sustatu zuten, eta Euskadiko Ezkerra (EE) alderdi politikoko fundatzaileetako bi izan ziren; 1977an alderdia lehendabiziko aldiz aurkeztu zen hauteskunde orokorretara.
- Eusko Legebiltzarrerako 1980ko hauteskundeetan, Teo Uriarte EEko diputatu aukeratu zuten, eta kargu hartan jarraitu zuen ondorengo legegintzaldian ere.  Ondoren, Bilboko udaleko alkateorde izan zen Alderdi Sozialistarekin.
- Indarkeriaren mundutik aldendu zenez eta, ondoren, mundu horri aurre egin zionez, mehatxu terroristaren pean bizi izan da, eta eskoltaren bidez babestu behar izan du bere burua.

ONDORIOAK

“Sevillan bizi nintzen familiarekin, baina aita Bilbokoa zen, eta itzuli nahi zuen.  Gasteizen lana topatu zuen eta, horrek jaioterrira hurbilduko zuenez, 1953an etorri ginen. Zenbait urte ondoren, ETAn sartu nintzen.  Neure buruari ere galdetzen diot horren zergatia.  Asalduragatik, diktadura batean geundelako eta ni garaitu baten semea nintzelako, errebantxagatik, asperkeriagatik (gizarteak ez zigun bizitza-aukera handirik eskaintzen), esperientzia ezagatik, sineskortasunagatik eta gaztetako ergelkeriagatik izan zitekeen. Une hartan, asaldurak bi plataforma zituen:  Alderdi Komunista (han ez nuen inor ezagutzen), eta ETA.  Zorte txarra izan nuen, eta ikaskide bat ETAkoa zen; horrek bat egitea proposatu zidan. Baietz esan nion, eta uste dut harritu egin zela, Sevillakoa bainintzen”.

“Mario Onaindia handik zenbait urtera ezagutu nuen, Gasteiztik alde egin nuenean 1967ko ekainean egindako atxiloketa batzuen ondorioz. Adiskide bihurtu ginen.  Oso gaztea izanik halako gaitasun intelektuala eduki izana harritu ninduen.  Irakurle amorratua zen.  Zenbait abentura bizi nituen berarekin, adibidez, Burgosko Prozesua, kartzelan izandako epea, Euskadiko Ezkerraren sorrera… Berarekin haserretu nintzen eta PSEra joan nintzen bera baino urtebete lehenago; alderdi horretan egin genuen berriz topo”.

“Burgosko Prozesua zorotasun argiarekin bizi genuen, eta modu inkontzientean “inmolazioa” onartzera eramaten gintuen.  Giro hartan, idolo bihurtu ginen.  Burgosko Prozesuak oihartzun handia zuela jakin genuen, eta mobilizazioen berri izan genuen, eta ingurune hartatik ezin genuela alde egin sentitu genuen, erregimen frankistaren militar kontserbadoreen aurkakoa baitzen.  Komunikabideen gune bihurtu ginen, baina erronka onartu genuen, nahiz eta batzuetan hil egingo gintuztela uste izan.  Ondoren izan nintzen gertatzen zenaren jakitun.  Handik hilabetera, gutxi gorabehera, konturatu nintzen, beste espetxe batera eraman nindutenean, eta zerbait lasaitu nintzenean.  Heriotza zein hurbil izan nuen ikusi, eta Burgosko Prozesuan gertatutako egoera politikoak aztertu nituen”.

“Gure zoritxarrerako, ikono bihurtu ginen.  ETA antolakundea garaituta zegoen, suntsituta, eta ia-ia desagertuta.  Testigantzak, idazkiak, babesak… eskatzen zizkiguten. Idatziz astakeria batzuk egin genituen, baina baita zenbait gauza zentzuzko ere.  Nik uste dut 1974tik aurrera zentzuzkoak  izaten hasi ginela. Erregimenak ez zuen beste irteerarik: agian, ez zuen zertan 1978an azkenean sortutako demokrazia koherentea egin, baina sistema demokratikorako aurrerapausoak emateko erregimena sortu behar zuen.  Portugaleko Krabelinen Iraultzarekin argi zegoen: Espainiak demokraziarekin bat egin behar zuen, bestela, gero eta arazo gehiago izango zituen.  Une hartan, gauza serioagoak idazten hasi ginen, eta demokrazia burgesa gain hartzeko eta horretan aritzeko beharra proposatu genuen, gazteenek diktaduraren aurkako betirako borrokarekin jarraitu nahi bazuten ere”.

“Burgosko Prozesuari esker, jendeak gugan jarri zuen arreta, batez ere Mario Onaindiarengan; Onaindiak Eusko gudariak abestu zuen epaiketan aitorpena burutu ondoren.  Argi dago egoera hori baliogarria izan zitzaigula, batez ere Mariok zuen ospeari esker, ETA politiko-militarraren munduan jarrera moderatuagoetara hurbiltzeko, Autonomia Estatutuaren alde egiteko eta, handik aurrera, jarrera demokratikoak onartzeko.  Garrantzitsua izan zen; izan ere, Euskadiko Ezkerrak Estatutuari egin zion ekarpena, alderdiari ospea eman zion oinarrizko zehaztasun kualitatiboa izan zen.  Une hartan, Mariok ezker “abertzaleko” sektore bat Autonomia Estutura eraman zuen, eta hori garrantzitsua izan zen”.

“Zenbait jazoera behin betiko urrunarazi ziguten indarkeriagatik, batez ere bi izan ziren.  1977ko ekaineko hauteskundean parte hartu izana. Mario ezker “abertzaleko” atalean zegoen, eta liskar gogorra izan genuen.  Hauteskundeetan parte hartu eta berehala, beste jazoera bat gertatu zen:  ETA berriz osatu zen: Javier de Ybarra y Bergé, Bizkaiko Aldundiko presidentea, hil zuen. Aurka bageunden ere, hauteskundeetan bahituta izan zuten, presio-mekanismo gisa, gure jendeak hauteskundeetan parte har zezan lortzeko. Hauteskundeen ostean eta emaitzak jakinda, modu nazkagarrienean hil zuten. Beraz, ETA berriz osatu zuten demokraziaren aurrean, eta indarkeriari eta politiko militanteei legitimazioa kendu zieten. KASekiko apurketa gertatu zen ondoren, eta kanporatzea lortu genuen.  Alde egin behar genuen ezker “abertzalearen” alde erradikalenaren kontrolpean zegoen mekanismotik. Bi une garrantzitsu izan ziren”.

“Iragana egungo unearen arabera interpretatzen dugu denok. Francoren erregimena diktadura bat izan zen, eta ez dela ezer aldatu esaten dutenek, ez dakite ezta diktaduraren laurdena zer den ere. Konstituzioa lortu arte liskar zibilik gabe Espainian lortutako eraldaketa, oso garrantzitsua izan da historian. Aldaketa inportantea izan zen eragile ekonomiko bati esker: Espainian erdiko klasea sortu zen. Horrez gain, Erregimeneko zenbait sektorek behin eta berriz esaten zuten ez zegoela etorkizun politikorik mendebaldeko demokrazia ez bazen. Bi elementu horiei esker, Erregimena bera oztopoak kentzen joan zen topaketa demokratiko baterantz aurrera egitearren. ETAkoak eta Alderdi Komunistakoak baino ez ginen apurketaren alde agertu. Erregimena ondo finkatuta zegoen, eta errepresiorako eta beldurtzeko neurrien bidez, ez zuen gizarte-lehiakiderik. Masak isiltzen ziren edo zutena onartzen zuten. Apurketaren aldekoak oso gutxi ginen: arazoak sortzeko gaitasuna zuten Espainiako indar bakarrak Alderdi Komunista eta ETAkoak ziren, eta gu gure gauzetan ginen. Dena oso ondo bideratu zen. Egindako amnistia, benetako amnistia izan zen, eta sortutako demokrazia, benetako demokrazia izan zen”.

“Euskadiko Ezkerra (EE) alderdia sortu zenean, pixkanaka-pixkanaka indarkeriatik urrundu ginen. EEn erreakzio bat sortu zen, eta poli-miliak UCDko (Unión de Centro Democrático) buruen aurkako atentatuen kanpaina egitera bultzatu zituzten. Mario Onaindiaren eta EEn ziren erreformatzaileen aurkako ekintza bat izan zen. Mario haserretu zen, batez ere José Ignacio Ustaran hil zutenean. Baina batez ere, nire ustez, konturatu zelako berak zuzendutako prozesuaren aurkako ekintza zela. Une hartan, dena amaitu zen, apurketa beharrezkoa bazen, egingo genuen. Poli-miliei gizarteratzeko zenbait neurri zituztela esan zitzaien. Ondoren 1981eko otsaileko 23ko estatu-kolpea izan zen. Poli-mili batzuk egin zutenaz jabetu ziren, egin zutenaren bidez beste diktadura batean sartzeko aukera genuela ikusi zuten, kolpe militarra erraztu baitzuten. Baina miliei hori bost axola. Une hartan, mundu horretako hitz sakratua agertu zen: “utzi”.  Hitz hori agertu arte, gainontzeko hitzak tontakeriak ziren.  Saiatu ginen gizarteratzeko gaia ebazten, eta bi arrazoirengatik gertatu zen:  alde batetik, ez zegoen baldintza politikorik, indar politiko guztien eta epailetzaren arteko akordioa lortu zelako eta, beste alde batetik, biktimek ez zuten erantzun, une hartan ez baitzegoen biktimen aldeko mugimendurik. Halakorik egongo balitz eta kexatuz gero, agian zailagoa izango litzateke. Gaur egun, konponbideak bilatu nahi duenak, aintzat hartu behar du biktimen mugimendua”.

“Euskadiko Ezkerraren fenomenoa oso bitxia da. Greziako klasizismo politikotik abiatuta, hiria egoteko gain hartzen da zenbait leialtasun behar direla:  tribuarekikoa, hiriarekikoa, eta hiria zabaltzen badoa, Grezia sortzen doan inperio txikiarekikoa. Gauza askoren hiritar ginen. Zenbait leialtasun partekatzen genituen.  Batzuk kontraesankorrak ziren, baina kontraesanak gain hartzen saiatu ginen.  Dena dela, nazionalismoa leialtasun bakarreko ideologia bat da. Hortaz, nazionalismotik urrun dauden zenbait proposamen onartzen badituzu besteekiko bizikidetzan sartzeko, nazionalista izateari uzten diozu. Mario Onaindiak oso berandu konturatu zen. Gu moderatu eta kritikoak ginen. Zenbait doktrinak —Euskadiko nazionalismo berantiarra, esaterako— adierazten duten zitalkeria, sektakeria, ergelkeria eta tranpa direla-eta, kanporatu gintuzten EAJrentzat erabilgarri izateari utzi bezain pronto, Autonomia Estatutua bozkatu eta gero”.

“Mariok eskainitako diskurtsorik onenetako bat —nik ez nuen ikusi garai hartan PSEko militante nintzelako, dagoeneko— EE eta PSE elkartu zirenean emandakoa da. 90eko hamarkadaren hasieran, Euskadiko Ezkerra leku politikorik gabe gelditu zen. EAJren eta PSEren arteko koalizio-gobernua zen, eta EEren diskurtsoa biren artean egiten ez bazuten ere, bien konponbidea ez zen, jada, EEren eremukoa soilik, nazionalistak eta nazionalisten ez zirenen arteko topaketa-eremua baizik.  Une hartan, eta bat egiteko erabakia hartu aurretik egindako batzarrean batzuek jarritako traben aurrean, Mariok ondokoa esan zuen, gutxi gorabehera:  Beldur zarete traidore esango dizuetelako? Gertatutakoa askoz ere gogorragoa izan zen, traidoreak gara dagoeneko.  Orain PSEra joatearen beldur zarete? Baina bide hori eginda dugu, jada! Are gehiago, askoz gogorragoa izan zen nazionalismoaren ingurunetik egiten genuelako. Bikain eta egia iruditu zitzaidan hori guztia.  Nazionalismoaren munduak hasieran beldurrarekin begiratzen gintuen, eta ondoren, nazka handiarekin”.

“Euskadiko Ezkerra alderdiko diputatu izan nintzen Eusko Legebiltzarrean eta, ondoren, Bilboko Udaleko zinegotzi izan nintzen (PSE). Handik aurrera, zenbait mehatxu jaso nituen. Garai batean, egunero-egunero telefonoz deitzen zidaten gaueko 12etatik aurrera. Gainera, Bilbon Herri Batasuneko zinegotzien jokaera beldurgarria zen. Egun bakar batean, 16 eskutitz jaso nituen, hilko zidatela esaten zuten, eta eskutitz bakoitzak hizki bat zuen”.

“Miguel Ángel Blancoren atentatua baino bi hilabete lehenago, Bilboko zinegotzi nintzenean, eskolta jarri zidaten. Ez zen atsegina eskolta eraman behar izana.  Hasieran, estigma balitz moduan hartu nuen, baina handik bi hilabetera Miguel Ángel Blancoren atentatua gertatu zenean, istiluak sortu ziren, zurrumurruak: beste zinegotzi batzuen aurka joango ziren. Ordutik babestuta nago, politikatik aldendutako une labur batean edo bestean izan ezik”.

“Bat-batean, kartzelan nirekin izandako batzuei esan zieten mehatxatuta zeudela.  ETAko batzuei auto batean jarri behar zuten lehergailua eztanda egin zienean. Handik gutxira, baserri bateko ordenagailuan ni agertu nintzen. Beste zerrenda batzuetan ere banintzen, beste agintari sozialista batzuekin batera. Ertzaintzako komisarioak bilera egiteko deialdia egin zigun; zer aurkitu zuten azaldu zigun, eta zerrenda horretan eskoltarik ez nuen bakarra ni nintzela ikusi nuen, beraz, atentatua jasateko arriskua handia zen niretzat. Sei hilabeteko epearen ostean, berriz eskolta izan nuen, eta ondoren, indartu egin zidaten”.

“Eskolta izateak bizitza aldatzen dizu. Hasieran, moldakaitz bihurtzen zaitu, gidatzen duzunean, edo beste hainbat gauza egiten dituzunean. Ez da eskolten errua, baina bizitzako baldintza ohikoenak mugatzen dizkizu. Banandu nintzen orain dela bi urte baino gehiago, eta nire bizitzak familian ezartzen zituen balditzek zerikusia izan dutela uste dut, nire familia nekatuta baitzegoen ni bezalako pertsona jasateaz, eta gainera, ez naiz oso zuhurra isilik egoteko orduan”.

“Utzi behar izan nion Bilboko Athleticen futbol-partiduetara joateari, San Mames estadiora joateari. Partiduen aurretik, adiskide batzuekin kafe bat hartzera joaten nintzen tabernaren batera, eta ondoren lasai-lasai joaten ginen zelaira. Irteten ginenean, pare bat pote hartzen genituen, adarra jotzen genion elkarri, partiduaz hitz egiten genuen… Behin Ertzaintzako herritarren segurtasunaren oharra jaso nuen, eta errutina horrekin ez jarraitzeko eskatzen zidaten: partidua hasita zegoenean sartu behar nuen zelaira, eta amaitu baino lehen irten behar nuen.  Egoera horretan, futbolera joateari utzi nion. Bestalde, lan-munduan ere langile mehatxatua izatea ez dutela gogoko uste dut. Beste gauza bat da lanean bazara eta mehatxatzen bazaituzte, baina oso zaila da eskolta bat eraman behar izatea eta lana topatzea. Ez dizute esaten, baina horregatik lana aurkitzeko zenbait zailtasun izan ditudala uste dut”.

“Gainera, kalean ere noizbait irainen bat, bultzadaren bat jaso dut… Gau batean, PSEko kongresua nuen, berandu egin zen, eta eskoltari etxera joateko esan nion.  Ondoren, gaueko ordu bietan etxera oinez joaten nintzela, belarri-atzean txaloa entzun nuen eta bultzatu ninduten. Pisu handia dut eta, beraz, bultzadak ez zidan askorik egin.  Bai, halako orduetan, kale bakarti batean, belarrian txaloa. Ondoren neska-mutil batzuek adarra jo zidaten, eta jipoia emango zidatela uste nuen. Baina ez dakit zer gertatu zen, aldendu ziren, aurrera jarraitu, eta alde egin nuen. Oso une desatsegina izan zen. Maingu batek bastoiarekin zapaldu eta “traidore” deitu zidala ere gogoratzen dut. Oroimen txarra dut, eta irain batzuk alde batera utzita, gauza gutxi gertatu zaizkit”.

“Ondokoa ere oso gaziki hartu nuen: 2005 eta 2006ko su-etena gertatu zenean, ETA su-etenaren berri eman eta berehala batzuek nirekin egiten zuten topo eta zoriondu ninduten. Asko haserretzen nintzen. Bizitza zor ote diot bandari? Belarri-atzeko txaloa baino okerrago hartu nuen. Nirekin hitz egiten ez zuten batzuk, adibidez, Gudari ez pankarta jarrita zuten bizilagun batzuk, nirekin hitz egiten hasi ziren berriz su-etena zegoelako. Batzuetan ergel aurpegia jarri, eta eskerrik asko esaten nuen, baina izorratzen nau bizitza barkatzeko moduan etortzen direnean; gainera, jendeak efektu hori biderkatzen du”.

“Hau da, alde batetik zein bestetik, egonkortasun psikikoa asaldatuta zegoen guztiz. Hausnartzeko tartea behar nuen, zuzentasuna eta oreka bilatzeko unea, biharamunean bizitzen jarraitu ahal izateko”.

“Mehatxatu naute beraientzat oztopo naizelako, isildu ez nintzelako, hemen bizitzen jarraitu nuelako, ezagutzen nituelako eta beraien mintzaldietan azpijokoak aurkitzen nituelako edo agian “Pertur” 1974an hil zutenetik edo nire erruagatik KASetik irten ginenetik haserre gaudelako. Ez da soilik Alderdi Sozialistako militante naizelako. Aurretik dator nirea eta Mario Onaindiarena, mundu horretan traidore handiak garelako, eta horregatik euren helburu bihurtu gara”.

“Sevillara bizitzera joateko aukera nuen, baina ardura bat daukat nik esperientzia ezagatik, sineskortasunagatik, gaztetako ergelkeriagatik… sortu nuen munstro horrengan. Hil baino lehen, ETA benetan desagertu dela ikusteko ardura dut.  Baina ez dut erantzuntasun-sentimendurik, oso zaila zen jakitea ETA zer bihurtuko zen.  Frankismoari inork ez balioke aurre egingo, agian Erregimenak ez luke hausnarketarik egingo. Carrero Blancoren aurkako atentatua ez balute egingo, agian ez lukete hausnarketa egingo. Portugaleko Krabelinen Iraultzak hausnarketa eragingo zuen, bai.  Neurri batean, erru-sentimendua dut, baina ez haiengatik, ondoren sortu ziren ondorioengatik baizik”.

“Beraien parte izan naizenez, ezin naizela fidatu ikasi dut, egun jarduera armatua utzi badute ere. Ez naiz ezta ohiko alderdi politikoez ere fidatzen, beraiekin lan egitea ohore handia izan bada ere. Lizarraren Ituna gertatu zenean, mehatxutik “askatuko” nintzela uste nuen, batez ere ez nekielako zer sinatzen nuen. Une hartan, su-etena gertatu zen, eta EAJk ETAri “lurperatzeko pista” bilatuko ziolakoan nengoen. Baina ez zer hori gertatu”.

“Nik neuk kalera irten daitezela nahi dut, euren bizitzak berriz egin ditzaten, seme-alabak izan ditzaten… baina demokraziaren esparruan. Krimenen ideologiaren eta kontzepzio totalitarioaren aurrean, demokrazia da iraun behar duen sistema.  Horregatik diot zenbait garailek eta zenbait galtzailek egon behar dutela. Baina nik neuk uste dut irten behar direla, nik izandako aukera berberak izan ditzaten. Ahal dudan guztia egin dut irteera errazteko, gizarteratzeko neurriak. Leku batetik bestera joan naiz, eta norbaiti indultua emanez gero, onartu behar du zer kalte egin duen edo, gutxienez, ardura duela egindakoan, eta ezin dute kalera irten zentzurik gabeko errugabeen hilketan oinarritzen den sistema politiko berri baten sortzaile balira bezala”.