2008ko martxoaren 7an, fabrikako gaueko txanda egin ondoren, Marian Romerok senarra Isaías Carrascori agur esan zion, lanera joan behar baitzuen. Ondoren, Marianek eta alaba nagusiak zaratak entzun zituzten, eta kalera azkar-azkar jaitsi zirenean Isaías ikusi zuten autotik zaurituta irteten zela.  ETAk Isaías Carrascori tiro egin zion eta hil zuen. Marian Romero alargun gelditu zen 20, 14 eta 4 urteko seme-alabak zituela.  Gazteenak, Adeik, etxeko leihotik aita zaurituaren irudiak ikusi zituen.

DATU PERTSONALAK:

Izena: María Ángeles Romero

Adina: 44 urte (1967)

Ogibidea: Lantegi bateko langilea

Familia egoera: Alarguna. Hiru seme-alaba.

Jaioterria: Quintana de la Serenan (Badajoz) jaio zen. Arrasaten (Gipuzkoa) bizi da bost urte zituenetik.

TALDEA: Biktimen senideak.

GERTAERAK

- 2008ko martxoaren 7an, fabrikako gaueko txanda egin ondoren, Marian Romerok senarra Isaías Carrascori agur esan zion, autopistako ordainlekura joan behar baitzuen lan egitera.  Aurretik, Isaías Carrasco Arrasateko Udalean PSE-EEko zinegotzi izan zen legegintzaldi batez.

- Ondoren, Marianek eta alaba nagusiak zaratak entzun zituzten, eta kalera azkar-azkar jaitsi zirenean Isaías ikusi zuten autotik zaurituta irteten zela.  ETAk Isaías Carrascori tiro egin zion eta hil zuen.
- Marian Romero alargun gelditu zen 20, 14 eta 4 urteko seme-alabak zituela.  Gazteenak, Adeik, etxeko leihotik aita zaurituaren irudiak ikusi zituen.

ONDORIOAK

“Familia normal bat ginen.  Familia guztien antzera, gure arazoak, poztasunak, tristurak… genituen. Gainontzeko familietan bezala.  Isaiasek autopistako ordainlekuan kobratzen egiten zuen lan.  Horrez gain, batzuetan beste aparteko lan batzuk egiten zituen, etxean laguntzearren.  Nik behin-behineko langile moduan egiten nuen lan”.

“Haurdun nengoela, Isaiasek esan zidan agian udal hauteskundeetan zinegotzi aukeratuko zutela, PSE-EEren zerrendan zegoelako.  Ez zidan batere gustatu, banekien horrek gure bizitzak aldatuko zituela.  Baina berak ilusio hori zuen aspalditik, eta errespetatu genuen.  Azkenean, zinegotzi aukeratu zuten, eta Arrasateko Udalean sartu baino 15 egun lehenago eskolta baten babesa jasotzen hasi zen.  Gure bizitza asko aldatu zen une hartan.  Beti atzean bi pertsona eraman behar genituen, eta familiaren intimitatea galdu genuen”.

“Isaías eskoltekin joaten hasi zenetik, ez zuen bizitza oso normala.  Sandra eta Ainara alabak jaio zirenean, alabekin asko egoten zen.  Baina Adeirekin ez zen kalera hainbeste irteten, nik uste dut asko maite zuelako, beldur zen zerbait gertatuko ote zitzaion berarekin zegoenean.  Horregatik ez zen kalean asko jolasten haurrarekin.  Gainera, Isaiasekin kalera irteten ginenean, familia deigarria ginen, eskoltak eramaten genituelako; zazpi pertsona ginen.  Horregatik nahiago zuen etxean gehiago gelditu gurekin kalera irtetea baino.  Gainera, zenbait lagunek ez zuten nahi Isaiasekin joan eskoltak zirela-eta.  Jendearekin ez genuen arazorik izan, baina batzuek alde batean utzi zuten, eskoltengatik lotsa zutelako”.

“Adei hazten zen eta Isaiasek egoera normalizatu  nahi zuen.  Zinegotzi izandako legegintzaldia amaitu zenean, eskoltak eramateari uko egin zion, eta semearekin jolastera joaten zen, egoera zerbait normalizatu zen.  Futbolean jolastera joaten ziren, kalera irteten ziren… Isaias gehiago aritu zen aita-lanetan, Sandra eta Ainararekin egin zuen moduan.  Seme gazteari hurbiltzea gehiago kostatzen zitzaion.  Adeik aita gogoratzen du, eta batzuetan esaten du uzten ziola futbolean irabazten, edo telebistaren agintea ezkutatzen ziola marrazkiak ken ez zitzala”.

“Atentatua baino lehen, Isaiasek ez zuen mehatxurik jaso, ez genekien zelatatzen zuten edo ez.  Bakarrik gogoratzen dut behin etxeko postontzian eskutitz bat jaso genuela eta ondokoa jartzen zuen, gutxi gorabehera: badakigu non zauden.  Ez genion paper horri garrantzirik eman.  Agian mehatxuren bat jaso zuen eta ez zidan esan, ni ez kezkatzeko, baina ez dut inoiz horren berri izan”.

“Senarra hil zutenean, seme-alabek 20, 14 eta 4 urte zituzten.  Erdiko alabari, Ainarari, nerabe zenez, agian egoerak harritu egiten zion.  Isaias eskoltak izateari uko egin zion, bizitza normalagoa nahi zuelako, batez ere, seme gazteenarekin, Adeirekin, egoteko”.

“Oraindik askotan galdetzen diot neure buruari zergatik Isaías, ez zion inoiz inori kalterik egin, pertsona ona zen, ez zen inorekin sartzen, ez zuen politikaz hitz egiten… Zergatik bera? Ez dut ulertzen zergatik aukeratu zuten, ezta zer irizpide izan zituzten aukeraketa hori egiteko.  Ez zen nabarmentzen egindako politika-lanagatik, ez zen komunikabideetan agertzen… Ez zuen ezer egin”.

“Atentatua martxoaren 7an izan zen.  Egunero-egunero gogoratzen dut egun hura.  Zer arropa neraman, zer egin nuen…, dena.  Gauez egiten nuen lan.  Goizeko 7:00etan lanetik iritsi nintzen eta lo zegoen.  Denbora-pasa nengoen, haurra eskolara eraman nuen eta etxe batera joan nintzen lan egitera, garbitzen egiten nuen lan.  Etxera itzuli nintzenean, egun ederra zegoen.  Leihotik begiratu nuen eta jendea arropa esekitzen ikusi nuen.  Iritsi nintzenetan, Sandra, Isaías eta Adei etxean ziren.  Isaiasek esan zidan Sandrak agindutako enkargu bat egitera joango zela, eta laneko frakak lisatzeko.  Sandrak barre egin zuen eta galdetu zion zergatik lisatu nahi zituen, ez baitzituen inork ikusiko, eta denok barre egin genuen.  Ogitartekoa eta frakak hartzeko eta lanera joateko esan nion, beti egiten zuen moduan, nik oheratu behar nuelako.  Bera, burugogorra zenez, alderantziz egin zuen.  Joan zen, eta itzuli zenean, Sandrak gaizki eman omen zizkiola enkargua esan zuen, eta txantxetan hasi ziren.  Lan egin ondoren, ni oraindik lo egin gabe nengoen, eta ondokoa esan nion:  Lanera joan, behingoz, oheratu behar dut gauean lanera joateko! Eta joan egin zen”.

“Etxean Sandra alabarekin gelditu nintzen.  Zarata entzun genuen, alabak tiroak zirela esan zuen.  Nik ezinezkoa zela esan nion.  Ez dakit zergatik, baina korrika jaitsi behar nuela esaten zidan barruko zerbaitek.  Eskaileretatik behera, neure buruari esaten nion: mesedez, atea ireki, eta Isaías ikusi nahi dut autoan lanera joaten. Bidean beste zarata bat entzun nuen.  Atera ireki nuen kalera irteteko eta Isaías erortzen zela ikusi nuen.  Kalean zenbait auto zeuden, baina ez nuen bilatu, zuzenean berarengana joan nintzen.  Lurrean zegoen eta begiak irekita zituen.  Niri begira gelditu zen, zerbait esan nahi zidan, baina ezin zuen hitz egin.  Hainbeste urte elkarrekin izan ondoren, bagenekien agurra zela.  Odolez beteta zegoen”.

“Burutik hartu nuen, eta aurpegiko adierazpenagatik nik banekien hiltzen zela, hilzorian zegoela.  Ikusi nuen lepoan tiro bat zuela.  Jertsea altxatu eta beste bi tiro ikusi nizkion.  Isaiasen aurpegia eta min-keinuak ikusten nituen.  Zerbait esan nahi zidan, baina ni banekien joaten zela.  Odoletan zegoen, eta zauriak estaltzen saiatu nintzen.  Sandra etorri zen, besarkatu zuen eta esan zion mesedez eusteko, laster anbulantzia etorriko zela.  Oihukatzen hasi zen laguntza eske, jaka kendu zuen eta babestu zuen, inork ez zigun mantarik eman.  Bizilagunaren batek esan zidan lasai egoteko, anbulantzia zetorrela.  Gogoratzen dut jendea zegoela eta ni oihukatzen nuela.  Anbulantzia ez zetorren.  Hobeto gogoratzen dudana da Isaiasen aurpegia, beraren begiak, eta nire eskuak odolez beteta.  Zenbait hilabete eta urte igaro direla,  zenbait irudi etortzen zaizkit burura, eta leku batzuetan ezin naiz sartu, atentatua oroitzen dudalako”.

“Bakarrik ez zela hil kontsolatzen nau.  Berak eta nik bakarrik ezagutzen ez dugun zerbait esan nion belarrira.  Ondoren anbulantzian eraman zuten, ez zidaten utzi berarekin joaten.  Gogoratzen dut alde egin nuela.  Bidean jende asko zegoen, baina ez zen inor hurbildu.  Nebarengana joan nintzen, eramango ninduela eta etxera joateko esan zidan.  Ez dakit nola igo nintzen etxera.  Aurpegia garbitzera joan nintzen, aurpegia eta eskuak odolez beteta nituen.  Ez dut gogoratzen ezta nola iritsi nintzen ospitalera ere.  Lapsusak ditu.  Gogoratzen dudan hurrengo gauza da medikua sartu zela.  Esan zidan lasai egoteko, bizirik zegoela, berpizten saiatzen ari zirela, baina nolabait banekien ez zegoela bizirik.  Berriz itzuli zen eta banekien hilda zegoela esango zidala, bizitzen saiatu zela, eta zauriak hiltzeko modukoak zirela.  Medikuak ikusi nahi nuen galdetu zidan, eta baietz erantzun nion.  Irten nintzenean jende eta kamera asko zeuden”.

“Agurtu nuenean mahai baten gainean zegoen, ez zuen lehengo sufrimendu-aurpegia, odolez beteta eta min handiarekin ikusi bainuen lehen.  Lasai zegoen, atsedena hartzen bezala.  Berarekin gelditu nintzen pixka bat, agurtzeko, eta betiko irribarrea ikusi nion, bakea lortu zuela ematen zuen.  Isaiasek sufritzen ez bazuen, ni ondo egongo nintzela pentsatu nuen.  Baina ez nekien ondoren zer etorriko zitzaidan”.

“Bidaian izango banintz bezala izan zen.  Itzulitakoan gauza asko kontatu beharko nizkiola uste nuen, baina ez zen inoiz itzuli.  Batzuetan, itzuliko zela pentsatzen nuen, baina ezinezkoa zen.  Orain badakit seme-alabekin harro egongo litzatekeela.  Sandrarekin indar handia duelako”.

“Honekin guztiarekin ikasi dut agian ez ditudala baloratu bizitzan ditugun gauza guztiak.  Orain gehiago baloratzen ditut gauzak.  Baina ez dakit zertarako izan diren Isaiasen eta beste batzuen heriotzak”.

“Oso zaila da ama eta aita izatea.  Hutsune handia gelditzen da.  Seme-alabak aurrera atera behar izan ditut; bat nerabea zen eta beste batek lau urte zituen eta, gainera, atentatua ikusi zuen.  Lanera itzuli nintzenean, batzuek oso harrera ona egin zidaten, baina beste batzuek ez, ematen du, gainera, zerbait egin diezula.  Zeure buruari galdetzen diozu zer egin duzun, zergatik aldatu duten jarrera, eta ez dakizu zergatik gertatu den.  Ez nuen hori aurretik inoiz bizi, Arrasaten bizi naiz bost urte nituenetik eta ez dut jarrera hori ulertzen.  Zer egin dut nik? Isaias hil zuten eta, gainera, ez dut ulertzen batzuek nirekiko duten jarrera”.

“Beste batzuek, aldiz, atsekabea erakutsi zidaten, edo zoriondu ninduten Isaiasen hiltzailea atxilotu zutela jakin zutenean.  Baina senarrari omenaldia egiten ziotenean, oso jende gutxi joaten zen.  Senarraren alderdiko kideen eta Arrasateko zinegotzien babesa jaso dut.  Oraindik nirekin daude.  Eta oraindik dut halako jendearen babesa, baita Madrilgo Terrorismoaren Biktimen Zuzendaritzarena, Fernando Buesa Fundazioarena eta ezagutu ditudan beste alargun biktimena ere.  Terrorismoaren biktima guztiei gauza bera gertatzen zaiela uste dut. Hasieran jende asko duzu ondoan, baina gero jendea desagertzen doa.  Orain neure buruari galdetzen diot non dauden Isaias hil zutenean egindako manifestaziora joan ziren pertsonak, bizilagunak, adiskideak…”.

“Pertsona bera izaten jarraitzen dudala uste dut.  Beste pertsona batzuk beste aldeko biktimak dira, eta lehen beraiekin hitz egiten nuen, eta ez dut zertan hitz egiteari utzi.  Etortzen zait, dolumina adierazten dit, eta nik berdin-berdin agurtzen dut.  Zergatik ez dut hala egin behar? Niretzat pertsona bera da senarraren atentatuaren aurretik eta ondoren.  Egoera horren aurrean beste bat naiz, eta armadura jarri dut.  Zenbait lagun galdu ditut, baina beste gauza asko eskaintzen dizkidaten hainbat pertsona lortu ditut.  Zerbaitek ez badit ezer ematen, kendu egiten dut”.

“Seme-alabei dagokienez, Adeik gaizki pasatu du.  Galderak egiten ditu, eta giro horren aurrean babesten saiatu naiz.  Saiatu naiz, baina atentatua ikusi zuen, eta eskolan haurrek gauzak esaten dizkiote.  Ez dit esaten dioten edo gertatzen zaion guztia esaten.  Gauza asko gordetzen ditu, ez du nahi ni triste ikustea.  Zenbait gauza ezin dira saihestu, eta saiatzen naiz ahal dudan ondoen azaltzen, baina oso zaila da aita eta ama izatea aldi berean.  Batzuetan gezurtia naizela esaten dit, atentatua gertatu zenean galdetu baitzidan zergatik zegoen aita lurrean, eta nik esan nion auto batek harrapatu zuela, ezin izan nuen beste gauza bat esan.  Handik gutxira esan zidan zergatik esan nion gezurra, bazekiela aita hil zutela.  Egia esan nion, baina bazekien, tiroak entzun zituelako.  Aita faltan botatzen du.  Nire ustez, pertsona bat hilda dago ahazten dugunean, berari buruz hitz egiten ez denean.  Horregatik aitari buruz hitz egiten dugu, eta urtebetetze-egunean kandela bat jartzen diogu.  Isaías beti gurekin izaten saiatzen gara.  Omenaldiren bat egiten diotenean, Adei ere eramaten dugu, han egon dadin eta ahaztu ez dezan.  Isaías beti bere aita izango da.  Etxean Isaiasi buruz hitz egiten dugu, atentatuari, politikari edo ETAri buruz baino gehiago.  Adei gorroto izaten hazi ez dadin egiten dugu hori”.

“Isaiasena gertatu zenean manifestazio bat egin zutela gogoratzen dut, Arrasateko alkatesa kartzelan sartu zutelako.  Kasualitatez, berak lan egin zuen nik lan egiten nuen lekuan.  Autobusa hartzen nengoela, manifestazioa nire auzotik, ni bizi nintzen lekutik igaro zen.  Nire alboan zegoela, norbaitek hiltzaile deitu zidan, ez dakit nor izan zen.  Begiratu nuen baina ez nuen ikusi nor zen.  Nebak esan zidan handik kentzeko, baina ez nuen zertan egin.  Autobusaren zain nengoen eta nire aurretik igaro ziren”.

“Gorrotorik ez dut sentitu inoiz.  Ezintasuna, amorrua…, sentimendu asko izan ditzaket. Baina gorrotoa ez. Ez da ona, gorrotoa sortu baino ez duelako egiten, eta semeari pasatuko diot.  Eta agian bihar Isaiasen hiltzaileak egindakoa egin dezake.  Ez diot hori semeari igorriko.  Giro normalean haztea nahi dut.  Hemen zaila da, gauzak zerbait aldatu badira ere, oraindik presoen aldeko manifestazioak egiten dira, Gora ETA oihukatzen dute batzuek, baina, hala ere, semea giro horretatik aldenduta izaten saiatzen naiz, gainontzeko haurrak bezala izatea nahi dut”.

“Etxean Isaías falta da, beraren energia behar dugu.  Orain ez dugun gatza ematen zigun.  Sandrak galdu zuen etxeko konplize handiena, futbolera joateko laguna… Ainarak ezin izan du aitarekin nerabeen gauzen inguruan hitz egin.  Adeik ez du etxeko gizonaren eredurik.  Berak nahi du gu babestea, eta gutaz kezkatzen da, baina zortzi urte baino ez ditu, ezin du hori egin.  Nik bere hutsunea dut.  Nire lagunaren, adiskidearen, maitalearen…, bere hutsunea; berarekin haserretzen nintzen, eta berarekin ebazten nituen sortzen zitzaizkigun arazoak”.

“Nik neuk bakardadea sentitzen dut.  Alboan mila pertsona izan ditzaket, baina ez du inork bere hutsunea betetzen.  Atentatuaren egunean gelditu naiz; aurrera egiten ez dudala uste dut.  Egun hartara itzuliko nintzateke, Isaiasi alde egiteko eta lo egiten uzteko esan nion; gero eskailerak jaitsiko zituen eta autoan lanera joango zen, eta nire bizitza lehen bezala izango zen, eta ez orain den modukoa.  Baina hori ezin da. Alabak ez ditut zoriontsu ikusten, aita falta zaie.  4 urte eta 10 hilabete igaro dira eta haren falta sentitzen dugu… Urteotan asko ikasi dugu, eta gauza askotaz konturatu gara.  Egun batzuk txarrak dira, bakarrik sentitzen naiz, eta une horietan pertsonak gehiago baloratzen ditut”.