2001eko maiatzaren 15ean, zauri larriak jaso zituen ETAk bidalitako bonba-eskutitza eztanda egin zionean.  Eztandaren ondorioz, atzamarretako zenbait falange moztu behar izan zizkioten, begi bateko ikusmena galdu zuen eta zenbait zauri ditu.  Dena dela, Gorka Landaburu herrian bizi da eta kazetaritzan egiten du lan oraindik ere.

DATU PERTSONALAK:

Izena: Gorka Landaburu Illarramendi

Adina: 63 urte (1951)

Ogibidea: Kazetaria

Egoera familiarra: Ezkonduta. Bi seme-alaba ditu.

Jaioterria: Parisen jaio zen eta Zarautzen (Gipuzkoa) bizi da.

TALDEA: Mehatxatuak.

GERTAERAK

- Gorka Landaburu Parisen jaio eta hazi zen. Familia hara joan zen erregimen frankistatik ihes egiteko; izan ere, aita lehen Eusko Jaurlaritzako agintarietako bat zen (EAJ alderdikoa).
- 1972an Euskadira itzuli zen eta ETAko kide izan zen, VI- Batzarrean, 1975era arte. Frantziara itzuli zenean, kazetaritzan hasi zen lan egiten, eta 1983an bere lanera, Cambio 16 aldizkarira, mehatxatzeko zenbait gutun bidali zizkioten ETAk eta Triple A talde ultraeskuindarrak. Ondoren, 90eko hamarkadan, bere herrian, Zarautzen, zenbait mehatxu-pintada ikusi zituen kalean.
- Zarautzen, beraren kontrako presioa eta mehatxuak gero eta handiagoak ziren, batez ere urte eta erdiz astelehenero Gesto por la Pazek Ortega Lararen bahiketa zela-eta antolatzen zituen kontzentrazioetara joaten zenean.  Etxe aurrean zenbait pankarta eta paskin ikusi behar izateaz gain, Landabururen etxera molotov koktela ere bota zuten.
- 2001eko maiatzaren 15ean, zauri larriak jaso zituen ETAk bidalitako bonba-eskutitza eztanda egin zionean.  Eztandaren ondorioz, atzamarretako zenbait falange moztu behar izan zizkioten, begi bateko ikusmena galdu zuen eta zenbait zauri ditu.  Dena dela, Gorka Landaburu herrian bizi da eta kazetaritzan egiten du lan oraindik ere.

ONDORIOAK

“Etxean zazpi anaia-arreba gara, sei mutil eta neska bakarra. Frantzian jaio ginen denok, aita Arabako Eusko Alderdi Jeltzaleko agintari bat zelako, eta Guda Zibilean ihes egin behar izan zuelako, Gasteizen zenbait hilabete ezkutatuta egon ondoren.  Frantziara joan zenean, Eusko Jaurlaritzarekin bildu zen, agintari jeltzale baitzen.  Frantziarako erbestealdian ezagutu zuten elkar aitak eta amak. Ama Zarautzekoa zen.  Parisen jaio ginen guztiok.  Gurasoek, Guda Zibila zela-eta herritik alde egin behar izateaz gain, Parisen ere II. Mundu Guda bizi zuten —aita Aguirre lehendakariaren gobernu-ordezkaria zen alemaniarren okupazioa iraun bitartean—; zenbait bonbardaketa eta Gestaporen bisitaren bat ere izan zuten; aitaren bila etorri ziren baina, zorionez, ez zegoen etxean.  Aguirre hil zenean, aita Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea izendatu zuten. Aguirre 1960an hil zen 56 urte zituela. Aita ere 56 urterekin hil zen, 1963an”.

“Hori guztia dela-eta, anaia-arrebok erbestealdian jaio ginen.  Frantziar kulturakoak bagara ere, Euskadikoak garela sentitu dugu beti.  Jaiotzez frantziarrak gara, eta ez genuen espainiar NANa lortu demokrazia iritsi arte.  Ordura arte, gu Zarautzera edo Gasteizera etorri ahal ginen bisitan, baina gurasoek ezin zuten etorri, bestela aita fusilatuko zuten.  Dena dela, lotura genuen herriarekin eta hemengo familiarekin.  Nolabait esateko, biberoian, dagoeneko, ikurrina nuela esan dezakegu”.

“Beti izan dugu askatasunarekiko eta demokraziarekiko konpromiso-sentimendua, Frantzian biak genituelako baina, Espainian, aldiz, ez.  Anaia-arrebetako batzuk itzuli ziren, beste batzuk Parisen gelditu ziren.  1972an itzuli nintzen ni, 18 urte nituela. Eta militante izan nahi genuenez, oso talde txikietako militante izan ginen, ETA- VI. Batzarrekoa. Frankoren aurkako talde bat zen, baina azkar utzi nuen, 1975ean, Franco diktadorea hil eta gero.  Taldea ez zen bortitza, ez genuen armarik erabiltzen, Frankoren aurkako borrokaren erromantiko batzuk ginen eta joera trotskista genuen.  Talde txikia zen, eta ez zuela iraultzarik egingo ikusi nuen, ez Euskadin, ez Espainian”.

“Frantziari gauza asko eskertu behar dizkiot.  Oraindik frantziarra naiz.  Neure burua, hasteko, euskalduntzat jotzen dut, gero frantziartzat eta ondoren espainiartzat.  Gainera, bi diktadura bizi behar izan ditudala esaten dut:  Francorena (horren ondorioz aitak ezin izan zuen inoiz jaioterrira, Gasteizera itzuli —baina bere gorpua ekarri ahal izan genuen hil eta 25 urte igarota—), eta ETAren diktadura”.

“Euskadira itzuli nintzenean, kazetaritzan lan egiten hasi nintzen.  Ander anaia kazetaria zen, Cambio 16 aldizkarian egiten zuen lan. Ni Efe Agentzian hasi nintzen lan egiten, ondoren Luxemburgo irratian… 1977an Cambio 16 aldizkarian sartu nintzen, eta oraindik han nabil.  Gainera, beste hainbat komunikabidetan ere egin dut lan, Radio Francian, besteak beste.  Irrati hartan, goizero, astelehenetik ostiralera, 20 minutuko kronika bidaltzen nuen; horietako % 90 “berunezko urteetan” izan ziren, eta gogor kritikatu nituen atentatu guztiak, nik hiltzaile deitzen nituen, baita ETAk garai harten egiten zituen hilketak ere”.

“ETAri ez zaio inoiz gustatu, “hilketa”, “krimen” eta halako hitza erabili izana.  Hortaz, 1983an ETAk gutun bat bidali zigun eta esan zigun ez zituela onartzen Cambio 16 aldizkarian erabiltzen genituen hitzak atentatuen inguruan aritzen ginenean.  Gure lengoaia aldatu behar genuela esaten zigun.  Eskutitz horretan bestaldera joan behar genuela esan ziguten, Donibane Lohizunera.   Juan José Etxaberen taberna batean bildu ginen.  Bileraren amaieran, gure hizkera aldatzen ez bagenuen ondorioak jasango genituela esan ziguten; beraz, oso kezkatuta utzi gintuzten”.

“Handik astebetera, Triple A muturreko eskuinekoen eskutitza jaso genuen. Ander anaiaz, Josu Bilbao argazkilariaz eta nitaz aritzen ziren aipatutako eskutitzean; komunistak ginela, Tejerori kritika handia egin geniola estatu golpea zela-eta, aldizkariaren Bilboko egoitza erreko zigutela eta hilko gintuztela esan ziguten.  Gogoratzen dut azken sinadura, ondokoa jartzen zuen: “Hitler zuzen zegoen.  Triple A”.  Hilketa askoko garai gogor hartan, ETAren eta muturreko eskuinaren mehatxuak jaso genituen; horrek bide egokian ginela adierazten zigun.  Mehatxuak mehatxu, betikoa egiten jarraitu genuen:  bidegabekeriak salatu, giza eskubideak gure boligrafoen edo gari hartan genituen idazteko makinen bidez aldeztu”.

“Beste gertaera bortitz bat ere bizi nuen, 1984. urtean izan zela uste dut. Jon Bilbao argazkilariarekin Baionara joan nintzen GALen aurkako errefuxiatuen manifestazioaren inguruko berria egin behar genuelako.  Baina manifestazioaren amaieran, polizien kordoiak ez zion manifestazioari aurrera egiten utzi.  Kazetariok manifestazioaren aurrealdean egoten gara.  Bat-batean, ETAren aldeko 20 bat basati guregana etorri, eta lintxatu gintuzten.  Poliziengana joan behar izan nuen eta frantziarra nintzela esan, azkenean jaramon egin ziguten eta ihes egin ahal izan genuen.  Ondoren, taberna batera joan ginen babes bila, eta gure atzetik lau manifestari etorri ziren eta argazki-filma eskatu ziguten; atera ez bazuten ere, pistola erakutsi ziguten.  Oso une gogorra izan zen”.

“Anderrek ere aurretik mehatxuren bat jaso zuen, herri honetako lehen kaxetari mehatxatua izan zen.  Denboraldi bat Katalunian bizi behar izan zuen, eta ondoren berriemaile egin zuen lan Mexikon, Parisen eta Bruselan Grupo 16 taldearentzat. Lehen mehatxu serioak agertu ziren Anderek artikulu bat argitaratu zuenean Bilboko alde zaharreko zerga iraultzailea salatzeko:  ETAk gutun-azalen bidez bertako ostalariei kobratzen ziela azaldu zuen.  Pankarta bat jarri zuten, eta ondokoa zioen: “Landaburu, Rosón (garai hartako Barne Ministroa zen), Bandrés, vaya tres”.

“Euskadin beldur handia izan dugu.  Nik egunero irratian hitz egiten nuen, eta Iparraldean entzuten zituzten nire kronikak.  Anaiak eta biok ez dugu gure burua heroitzat hartzen, ezta 80ko hamarkadan azaldu ziren zenbait kazetarik ere. Baina oso kazetari gutxi ausartzen ziren hilketa bat hilketa zela esatera, Euskal Herria askatzeko ekintza zela esan beharrean.  Isiltasun handia genuen, herritar eta alderdi politiko gehienen  “koldarkeria”  handia zen.  Batzuk koldarrago, beste batzuk gutxiago.  Gogoratzen dut hildakoen hileten berria eman behar nuela eta kaleak hutsik ikusten nituen, balkoiak itxita, euria ari zuela, eta aldian aldiko ministroa aurrean; kutxa guardia zibilaren edo hildakoaren jaioterrira begira jartzen zuten… Orduan goraipatu eta txalo egiten zuten, eta hori zen guztia”.

“1984an anaia Mexikoko ordezkaritzara joan zenean, nik Cambio 16 aldizkariaren Euskadiko ordezkaritzaren ardura hartu nuen; garai hartan, Espainian genuen aldizkari garrantzitsuena zen.  Kazetariak ginen, lehen lerroan egon behar izan genuen eta funtzio hori gain hartu genuen, atzera egin gabe demokrazia aldeztearren.  80ko hamarkada hartan, mehatxuen ostean, ETAk ez zigun hainbeste mehatxatu, herriko kaletik gindoazela begiradarekin fusilatzen gintuzten.  80ko hamarkadaren hasieran kazetarien gremioak zenbait mehatxu jaso zituen; Portell kazetaria 1978an hil zuten, muturreko eskuinak atentatua egin zuen El Papus aldizkariaren aurka… Egin egunkariko ordezkarien aurka ere zenbait atentatu izan ziren.  1984tik 1996ra, gutxi gorabehera, ez zuten kazetarien aurkako mehatxu zuzenik egin”.

“90eko hamarkadan, ETAk gizarteko zenbait sektore mehatxatu zituen; ez zuen soilik polizien, guardia zibilen, militarren edo bahitzen zituen enpresaburuen aurka egin.  Kazetariok sufrimenduaren sozializazioa jasan genuen, eta zenbait eskutitz eta lehergailu jasotzen hasi ginen.  Zenbait kazetari mehatxatu behin eta berriz bildu ondoren, kostatu zitzaigun, baina azkenean lortu genuen Bilboko Ercilla hotelean ehun kazetari baino gehiago biltzea 90eko hamarkadaren amaieran. Batasunaren ingurunetik eta, zehazki, ETAtik jasotzen genituen mehatxu zuzenen aurka protestatu nahi genuen.  Jarraitu zuten mehatxatzen, eta Donostiako “Haizearen orrazia” eskulturan ere kontzentratu ginen; han manifestazioak egin ziren zenbait atentaturen ostean, adibidez, neure buruaren aurkakoaren ostean”.

“90eko hamarkadan presioa askoz handiagoa zen, ez soilik ETArena, baita salatariena eta informazioa pasatzen zituztenena.  Zarautzen zenbait pintada egin zituzten, “Landaburu kanpora” jartzen zuten, eta semeak, Aritzek, ikusi zituen; garai hartan, 18 urte zituen.  Pintadek zerbait gogaitzen ninduten, baina txarrena zen semeak esatea edo lagunekin zegoela ikusi behar izatea.  Udaletxera deitu nuen baina hiru egun behar izan zituzten kentzeko.  Ondoren, etxean beste batzuk egin zituzten, ituak margotzen zituzten.  Atariaren ondoan egin zituzten, eta beste batzuk Zarautzeko kai-muturrean”.

“Urtebete eta erdiz, astelehenero, Gesto por la Pazekoek, 20 eta 40 pertsona artean ginen, manifestazioa egiten genuen Ortega Lararen bahiketaren aurka agertzeko. Pankarta bat eramaten genuen.  Baina gure aurrean Batasunako 40 edo 50 pertsona jartzen ziren, metro gutxi batzuetara, oso kale estuan egiten baikenuen manifestazioa.  Iraintzen gintuzten, argazkiak ateratzen zituzten… Handik aurrera, tentsioa handitu zen.  Batzuetan emazteak galdetzen zidan ea nirea zen postontzian aurkitutako gorbata beltza, edo giltzak… Gauean deiak jasotzen genituen, baina nik garrantzia kentzen nion horri.  1998an eta 1990ean, etxearen aurretik pasatzen ziren manifestazioetan, ondoko pankarta jartzen zuten: “Lumadun txakurra”. Espainiar prentsari boikota egitearen aldeko paskinak botatzen zituzten… Eta behin molotov koktela bota ziguten etxean; zorionez, ia ez ginen ezta konturatu ere egin.  Pintura ere bota ziguten”.

“1999tik aurrera, denboraldi batez zaintza jaso ondoren, Barne Ministerioak deitu, eta eskolten babesa jarriko zidatela esan zidan, nire izena ETAren zerrendetan baitzegoen.  Zarautzetik joaten nintzenean, zenbait begirada sentitzen nituen, baina ez nuen inoiz burua jaisten, begietara begiratzen nien.  Gehienetan, haiek jaisten zuten burua.  Nolabaiteko beldurra nuen, autoaren azpian begiratzen nuen, familiari kanpoan itxaroteko esaten nien autoa ateratzen nuenean…, baina desdramatizatzen saiatu nintzen.  Ez duzu uste zuri tokatuko zaizunik.  Hala ere, atentatua baino lehen, zertxobait agertu nintzen.  Kalean Batasunako agintari batzuei aurre egin diet, eta ausartak baziren, molotov koktelak haiek botatzeko esaten nien, zenbait gazteri botatzeko agindu beharrean.  Gazte horietako askok gorrotoz begiratzen ninduten baina ia-ia ez zekiten nor nintzen; pozoitu zituzten.  Herriko beste mehatxatu batzuk bezala, adibidez Patxi Elola, ez dut pausu bat ere atzera eman”.

“Hasieran eskolta bat izan nuen.  Atentatuaren ostean, bi izan nituen”.  Horrek egoera berezi bat sortzen du.  Igande asko etxean geratu naiz.  Astean zehar ia beti eskolta berberak nituen, ezin zuten atseden hartu.  Askotan, ni etxera joaten nintzen, eta deitzen nien ogia eros zezaten edo; horrela, fitxatu egiten zuten, bestela ez zuten kobratzen.  Baina ondoren bizitza normala egitea erabaki nuen.  Lagunekin tabernara joan behar banuen, joaten nintzen, nahiz eta baten bat arraro begiratu eskoltekin joaten nintzelako.  Dena azkar argitu zen.  Normaltasunez bizitzen saiatu nintzen, ez nuen nahi horrek ni kaltetzea.  Bizimodua ez aldatzen saiatu nintzen”.

“2001eko maiatzaren 15ean jasan nuen ETAren atentatua.  Bi egun lehenagoa, hauteskunde autonomikoak izan ziren, eta Ibarretxek irabazi zuen.  Egun hartan Bilbon izan nintzen hauteskundeen gauaren inguruko berria egiten.  Goizeko lauretan amaitu genuen, eta anaiaren etxean gelditu nintzen. Hurrengo egunean, arratsaldean, Donostiako bulegora joan nintzen, eta elkarrizketa bat egin ostean, etxera joan nintzen eskoltarekin batera.  Etxean gutunak jaso nituen, baina aldez aurretik eskoltak errebisatzen zituen.  Begiratu zuen eta pakete normala zela ikusi zuen, hilero Elkargik bidaltzen zidan pakete horietako bat zirudien.  Normalean eskutitzak sofan eserita irekitzen nituen, alabaren ondoan.  Baina egun hartan ez nituen ireki, bulegoaren mahai gainean utzi nituen.  Ez nituen ireki hauteskundeen ondoren nekatuta nengoelako eta lo gutxi egin nuelako. Biharamunerako utzi nuen”.

“15ean altxatu nintzen, etxean bakarrik nengoen. Dutxatik irten nintzenetan toallarik ez nuela ikusi nuen, eta baten bila joa nintzenean, ez dakit zergatik, baina gutun-azala ikusi nuen eta ireki egin nuen.  Eskuetan eztanda egin zidan.  Zorabiatuta nengoen, baina ez nuen kontzientzia galdu.  Eskailera jaitsi nuen komunera joateko, neure burua ispiluan ikusi nuen eta odol asko zegoela antzeman nuen.  Ukondoarekin atea ireki nuen bizilagunaren etxera joateko; anbulantziari deitzeko eskatu nion. Une hartan ezer gutxi sentitu nuen.  Eskolta behean zegoen nire zain. Azkar igo zen, eta ikusi ninduenean, ia-ia negar eta guzti egin zuen; konturatu zen gutun-azala izan zela eta errudun sentitu zen. Anbulantzia etorri zen, ospitalera eraman ninduen, ebakuntza egin zidaten eta han gelditu nintzen 15 egun”.

“Zorte izan nuen, gutun-azala ireki nuenean, tartean besaulki bat zegoen, eta uhin hedakorra geldiarazi zuen, baina eztandak atzamarrak suntsitu zizkidan eta begi batetik ez dut ezer ikusten.  Epaiketan jakin izan nuen gutun-azalak 120-130 gramo dinamita zituela. Normalena litzateke ni orain hemen ez izatea, ezta alaba ere, sofan esertzen baitzen nire ondoan”.

“Lehen erreakzioari dagokionez, ondokoa pentsatu nuen: “harrapatu naute”. Atentatuak ondorio fisikoak utzi zizkidan eskuetan.  Eskuinekoan hiru falange kaltetu zizkidan, eta hatz lodia suntsitu zidan. Ezkerreko begitik ez dut ezer ikusten, zauriak ditut… Baina nik ospitalean ere esan nuen, neure usteak finkatzea baino ez zutela lortuko, aurrera jarraitu behar nuen eta ez ninduten herri honetatik botako. Eskuak suntsitu zizkidaten, itsu utzi ninduten, gorputzean zauri asko ditut, baina okertu ziren, ez zidatelako mingaina moztu, eta ni kazetaria naiz.  Argi nuen haiei aurre egin behar niela, irabaziko genuela, ez zutela Euskadin bere diktadura ezarriko”.

“Ospitalean 15 egun izan nintzen, eta eskuetan lau ebakuntza egin zizkidaten. Begian ere ebakuntza egin zidaten, bi aldiz, Bartzelonan.  Begia ondo daukat, zerbait zintzilik, baina behintzat ondo. Ondoren egunero-egunero errehabilitazioa egitera joan behar izan nuen, sei hilabetez, zentzumena galdu bainuen. Berriz ikasi behar izan nuen zenbait gauza egiten, adibidez, idazten”.

“Ondo nengoenean, lanera itzuli nintzen. Cambio 16 aldizkaria zuzendu nuen berriz, euskarazko aldizkari bat sortu nuen.  Indarkeria guztiak salatu nituen, Giza Eskubideen alde egin nuen, torturak salatu behar baditut, hori ere egiten dut, bere garaian egin genuen moduan. Azken emaitza: guztia aldatu egin da, batez ere ETA desagertu denetik”.

“Beti uste sendo hori izan dut, kezkatuta banengoen ere, emaztea, seme-alabak etab. bezala.  Pertsona asko ezagutu ninduten, besarkatzen ninduten… Beste aldeko batzuk ere ados ez daudela ikusten duzu. Batasunako lagun batek esan zidan ez zegoela ados, baina alderdian ez zuen ezer esaten”.

“Atentatuaren ostean, egoera lasaitu zen. Pintadaren bat edo beste egin zuten, baina uste dut ez zirela ausartu niri aurka egiten.  2001etik gauzak pixkanaka-pixkanaka aldatzen joan ziren, atentatu gutxiago egon ziren, batez ere egoeragatik, poliziak aurre egiten zien eta jendearen gaitzespena handiagoa zen. Nik orain dudan sentimendua da denbora luze galdu dugula, tragedia handiak bizi izan ditugula, pertsona asko hil zirela, eta argi esaten dut, bai alde batean, bai bestean. Euskadin 30 edo 40 urtez denbora galdu dugu, eta itzuliko ez diren asko joan zaizkigu. Horixe da tristeena.  Horregatik onarpena egin behar diegu, hitz egin behar dugu, memoria egin behar dugu. Mendekurik gabe, gertatu dena kontatuz soilik”.

“Bizitzak normal egin zuen aurrera, nahiz eta guztiz normala ez izan, beti erdi-askatasunean bainengoen, eskoltaren beharra nuelako, 2012an ETAk jakinarazpena egin zuen arte. Beti eskoltari deitu behar nion irtengo nintzen edo ez esateko. Onartzen dut batzuetan ihes egiten nuela eta bakarrik irteten nintzela, irtengo nintzela ohartarazten banuen ere.  Ez zen batere eroso bi jaunen zain egotea lanetik irteteko edo astebururen batean nonbaitera joan ahal izateko. Zama hori kentzea oso aringarria izan zen.  Behingoz, tabakoa, egunkaria edo ogia eros dezaket nik nahi dudanean, nire bila noiz etorriko diren zain egon gabe.  Inprobisa dezaket, ez ditut plan guztiak antolatu behar.  Berreskuratu dugun askatasuna handia da”.

“Egun, jarraitu nahi dut bizitzen eta lan egiten, eta bizikidetzan aurrera egiten lagundu nahi dut. Ez dut adiskidetzeaz hitz egingo, beste batzuek egiten duten moduan, baina bai bizikidetzaz. Ezker abertzaleko agintariekin hitz egin dudanean, keinuak egiteko garaia dela esan diet, ez da adierazpenetarako unea. Aurrera egin behar dugu politikoki. Gauza ez da gertatutakoa ahaztea. Esaten diet orrialdea irakurri behar dugula aurrera jarraitu baino lehen”.

Langraiz bideko preso batzuekin bildu naiz, nirekin hitz egin nahi izan dutelako. Barkamena onartzen dudala esan diet. Bileran izandako bik esan zidaten hil nahi ninduen taldekoak zirela, baina ez zutela ekintzan zuzenean parte hartu. Esatea eskertu nien. Damutu direlako eta gehienek egin ez duten ibilbidea egin dutelako daude bidean, eta saiatu nintzen haiei laguntzen. Baina orain bakean bizitzeko eta galdutako denbora berreskuratzeko egingo dugu lan, gertatutako ez dadila inoiz berriz gertatu.  Horretarako, norberak bere zatitxoa jarri beharko du. Memoria, justizia eta konponketa lana egin behar dugu. Gertatutakoa kontatu behar dugu, ezin da ahaztu.  Baina batzuen etxeko-lanak beste batzuenak baino luzeagoak dira: ETAren girokoenak eta, batez ere, ezker abertzalekoak, zeinei esan beharko diegun: “ongi etorri demokraziaren mundura, baina bultzatu gabe sar daitezela”.